AURKEZPENA
Erabiltzailea Pasahitza
 

Hainbat errealitate geografiko, kultural, ekonomiko eta sozialetako eta 6 urtetik 17 urtera bitarteko ikasleek parte hartzeko eta harremana izateko gune alternatiboa da  Munduak lotzen 

 

Munduak lotzen  programaren 2009-2010 ikasturterako edizioa herrien migrazioetan eta garapenean oinarritzen da, giza ikuspegitik eta hiritartasun globalaren ikuspegitik begiratuta. Migratzearen arrazoiak eta pertsonen bizitzan eta haien ingurunean migratzeak dituen ondorioak landuko dira, eta banaka nahiz taldean zer jarrera eta konpromiso hartu behar ditugun pentsatuko dugu, jatorri desberdineko pertsonen arteko errespetuan oinarritzen den gizarte ireki, askotariko eta solidarioa eraikitzen laguntzeko

Argentinan enara deitzen zaie bizitza hobea amestuz uzta biltzera uda oro harantz hegaka joaten diren langileei. Historian betidanik egon izan den fenomeno bat da migrazioa. Gaur egun ez da ia herrialderik geratzen migrazio-zirkuituren batetik kanpo, eta gero eta herrialde gehiago dira aldi berean migrazioen jatorri, igarobide eta harreragune direnak.

 

Jakin badakigu pertsonen bizi-baldintzak asko aldatzen direla planetako leku batetik bestera. Munduko biztanleen zati handi bat bizirik irauteko borrokan ari den bitartean, beste zati bat gainerako pertsonen bizkarretik lortu dituen pribilegioei eusteko ari da borrokan. Logika horri jarraituz, ikusi ezin diren mugak eraikitzen dira, eta denok gure oinarrizko beharrak ase ahal izan ditzagun guztiok bizi-baldintza duinak izatea eragozten dute muga horiek. Migrazioak, beraz, bizi garen munduan agintzen duen gizarte- eta ekonomia-eredu zentzugabe eta bidegabeko horren ondorio logikoa dira.


 

Baina zentzugabekeria eta bidegabekeria ez dira hor amaitzen. Ondasun eta kapital ekonomikoen joan-etorri askeari gero eta gehiago irekitzen dizkiogu mugak; bitartean, berriz, pertsonen joan-etorri askeari gero eta gehiago ixten dizkiogu muga horiek berak. Eta ez ditugu mugak soilik ixten (eta gaindiezinago bihurtzen, hormak eraikiz); pentsamoldeak ere ixten ditugu: topikoen eta aurreiritzien bidez (masa-komunikabideek indartzen dituzte horiek), desberdintasunari diogun beldurraren eta “desberdina” etsai bihurtzearen bidez, identitatea bakarra eta baztertzailea dela ulertuz eta kultura homogeneizatzearen bidez.

 

Horren aurrean, gune komun bat sortzeko lan egin nahi dugu, elkar errespetatzeko eta elkar aberasteko gune bat; gune horren ezaugarri izango dira eskubide eta betebeharren berdintasuna, hurbiltasuna eta harrera, kulturartekotasuna, “desberdintasunak” dakarren aberastasuna eta aniztasuna.

 

Horregatik, Munduak lotzen programako parte-hartzaileak enarekin batera hegan egitera gonbidatzen ditugu, herrialde desberdinek eskainitako ikuspuntuekin migrazio-prozesuei eta haiek garapenarekin duten loturari buruzko hausnarketa egiteko.

 

 

 

 
espais © 2009/10 conectandomundos.org