Munduak Elkarlotuz
OXFAM

HERRITARGO GLOBALERAKO HEZKUNTZA

Munduak elkarlotuz proiektua Oxfam Intermón-en hezkuntza-programaren parte bat da, helburua Herritargo Globalerako Hezkuntza ikasgelan ezartzen sustatzea izaki.

Herritargo Globala, beraz, mundu ekitatibo eta jasangarriago bat erdiesteko konpromiso aktiboa hartuko duen herritargo-eredu berri bat bultzatzen duen hezkuntza-ikuspegia da. Bideak ezagunak dira: dibertsitatea errespetatu eta aintzat hartzea, ingurumenaren aldekotasuna, kontsumo arduratsua eta giza eskubide indibidual eta sozialak aintzat jotzea.

Gaur egun, hezkuntza-ildo hori mundu-agendaren baitan sartzen da, Garapen Jasangarriko Helburuei esker. Izan ere, 4.7 xedean (Garapen jasangarria eta mundu-herritargoa) agertzen da, hezkuntzaren helburu sozial, humanistiko eta moralez ari denean.

UNESCOren hitzetan, beharrezkoa izango da: “… hemendik 2030 arte, garapen jasangarria sustatzeko beharrezkoak diren ezagupen teoriko eta praktiko guztiak ikasle denek eskuratuko dituztela bermatzea, elementu hauen bitartez: garapen jasangarrirako hezkuntzaren, bizi-era jasangarrien, giza eskubideen, genero-parekidetasunaren, bake eta ez-biolentziazko kultura sustatzearen, mundu-herritargoaren, dibertsitate kulturala balioztatzearen eta kulturak garapen jasangarria erdiesteko eman lezakeenaren bitartez.”

Ildo beretik eta iraungarritasuna eta ongizatea helburu, OCDE erakundeak iaz PISA (Ikasleak Balioztatzeko Nazioarteko Programa) txostenean Gaitasun Globala txertatu zuen. Elementu berri horren xedea da, maila global, lokal zein bietako egoera edota arazoei buru egiteko gaitasuna balioztatzea, gizakiak errespetuz, duintasunez eta arduraz jardunez.

Gaitasun global horren bulkada laguntzeko, munduak elkarlotuz antolatzen da Herritargo Globalerako Hezkuntza delako markoaren baitatik. Horren arabera, herritar globalen bereizgarriak hauek dira:

  • Egungo munduak ezartzen dituen erronken izari handiaz jabetzea.
  • Bere burua eta gainerako herritarrak aitortzea subjektu duin, bete beharreko obligaziodun, exigitzeko moduko eskubidedun eta aldaketak erdiesteko ahalmendun gisa.
  • Beren egintzen arduradun izatea, bidegabekerien eta Giza Eskubideen urraketen aurrean haserretzea.
  • Genero-parekidetasuna, gizakien eta herrien dibertsitatea eta nortasun-aukera anitzak errespetatu eta aintzat hartzea, horiek gizakia aberasteko iturri diren aldetik.
  • Ekonomia, politika, gizarte, kultura, teknologia eta ingurumen alorretan munduak nola funtzionatzen duen ezagutu, kritikoki aztertu eta zabaltzeko interesa agertzea.
  • Komunitatean alor anitzetan esku hartzeko konpromisoa hartzea, maila lokaletik globalenetaraino, erronkei erantzuteko eta mundu ekitatibo eta jasangarriago bat lortzeko.
  • Boterea birbanatzearen, aukerak izatearen eta baliabideez gozatzearen bitartez, desberdintasunari aurre egingo dion herritargo aktiboa osatzen laguntzea.

Informazioa zabaltzeko: Oxfam Intermón

Kaidara
Red de educadores

Síguenos