Munduak Elkarlotuz
OXFAM

ZER DA MUNDUAK ELKARLOTUZ?

Munduak elkarlotuz proiektua hezkuntzazko proposamen telematikoa da eta, bertan, ikasgelako jarduera eta online lana uztartzen dituzte errealitate kultural, ekonomiko eta sozial desberdinetako 6 eta 17 urte bitarteko ikasleek, mundu zabaleko zentroek parte hartuz.

Plataforma telematiko eleaniztun batean euskarri harturik egiten da lan, zazpi hizkuntzatan (italiera, espainiera, portugesa, ingelera, frantsesera, galegoa, katalana eta euskara); elkarlanez dihardute parte hartzaileek, adin bereko ikasleek lantaldeak osaturik.

Urtero gai jakin bat jorratzen dugu, herritargo globalera begirako hezkuntzarekinloturik, hala nola laneko eskubideak, klima aldaketa edo pobrezia, eta adin bakoitzari egokituriko proposamen didaktikoak egiten ditugu.

Munduak elkarlotuz proiektuaren helburu orokorrak hauek dira:

Inguru sozial eta geografiko desberdinetako neska-mutilen arteko elkarrizketa interkulturala bideratu eta erraztea.
Informazio eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) bitartez, egiaz elkarlanean aritzeko espazio bat eratzea: horrek aukera emango die parte hartzaileei elkar ezagutzeko, errealitate desberdinak partekatzeko eta arazo komunak aurkitzeko, "pentsatu globalki, jardun lokalki" leman euskailu harturik,
Norberaren ingurukoaz hausnarketa egitetik eta gainerako parte hartzaileen errealitateaz ezagutzen denetik abiatuta, munduko biztanleriaren parte handiena, aukera eta eskubideetatik desjabetuta, oinarrizko premiak ere ase ezinik ibiltzea probokatzen duten zergatiez sakon jabetzea eta errealitate hori aldarazteko proposamen-konpromiso serio bat elkarrekin eratzea.

Nork har dezake esku?

Planeta osoko hezitzaile orok bere gelako taldea izen eman dezake, bizipen honetan parte har dezan.


Zenbat denbora kenduko dit?

Jarduera hiru fase nagusik osatzen dute:

  1. Jarduera hasi aurretiko hiru asteetan irakasleentzako modulu telematikoa irekiko da, lana prestatzeko xedez. Fase horri nahi duen denbora eskaini diezaioke norberak.
  2. Ikasleekiko jarduera sei astez luzatuko da, astean gutxienez ordubetea emanik. Hilabete eta erdi horretan taldeak Munduak elkarlotuz proiektuaren online plataforman sartuko dira, jardueraren bilakaeraren jarraipena egiteko. Gelako taldearekin hasierako lana ikasgelan egingo da; bigarrengoa, interneten bidez, zure lantaldeko beste ikasgela batzuekin elkar harturik.
  3. Bukatzeko, estatu espainiarrean, lehen edo bigarren hezkuntzako ikasle batzuek egun bat edo biko topaketetan hartuko dute parte, denen hausnarketak eta proposamenak ezagutarazteko.

Parte hartzeko zer egin behar da?

Zure ikasgelako taldea izen eman dezakezu, doan, web honetan.


Ibilbidea

Oxfam Intermón-eko irakasle eta profesional talde batek Munduak Elkarlotuz proiektua abiarazi zuen 2003 urtean. Geroztik, hezkuntza-proposamen horretan, 41 herrialde eta 3.600 ikastegitako 150.000 ikasle baino gehiagok hartu dute parte. Horren sorburua, informazioaren teknologia berrien (IT) bulkada baliatzeko grina izan zen, errealitate sozial desberdinetako ikasleek modu kooperatibo batean gauzak partekatu eta lantzeko aukera emango zien ikastegi multikultural bat sustatzeko, gogoeta egin eta injustizia globalaren kontra jarduteko xedez. Egun, 17 urte pasata, proposamen horrek indarrean dirau eta inoiz baino sendoagoa delarik, urtero-urtero gai-multzo desberdin bat eskaintzen da jorratzeko: lan-eskubideak, klima-aldaketa, migrazioak, bake-kultura, elikadura-justizia, etab.

Edizioak joan, edizioak etorri, aldaketak txertatu egin ziren, Munduak elkarlotuz hura egungo hezkuntza-sistemen premia eta espektatibei egokitu ahal izateko. Berrikuntza horietako bat izan zen Ikaskuntza eta Zerbitzua metodologia sartzea, proposamenaren baitako hautu edo aukerazko praktika modura. Horri esker, ikasle-irakasleek ikasitakoa zein mailataraino aplikatuko duten erabaki ahal izaten dute.

Hamazazpigarren edizio honetako berrikuntzetako bat Irakaslea Trebatzeko Modulua izango da: horren bitartez, jorratu beharreko gaiak aiseago ulertuko dira eta proposamen telematikoaren garapena ere erraztuko da.

Oxfam Intermón elkartean, Herritargo Globalerako Hezkuntza-Unitateko arduradun den Begoña Carmonak dioenez, Munduak elkarlotuz hasieratik bertatik sentsibilizazio-proiektu hutsa baino askoz ere gehiago izan zen: “Proiektuan esku hartzen duten ikasleek, beren ingurunean zein maila globalean gertatzen diren errealitate eta bidegabekeria sozialak deskubritzen dituzte. Munduak elkarlotuz-en indarra, ordea, konponbideak bilatzeko eta ekintza sozialean aritzeko konpromisoan datza”.

Horren ondorioz proiektuan parte hartu duten irakasleen %80ren iritziz, proposamenak —aztertu duten gaian— ikasleen jarreran aldaketak eragiten ditu eta, gainera, ikasgelako harremanetan eragin mesedegarria izaten du. Errepikatze indizea %30ekoa izaki, parte-hartzaileen %10ek lau aldiz baino gehiagotan errepikatu du.

Aldaketak ez dira ikasleen artean bakarrik gertatzen. 2018-2019 ikasturtean proiektuarekin bat egin zuen Esther Gutierrez irakaslearen aburuz, “Munduak elkarlotuz proiektuan esku hartzeak, ikasgelan, neure irakasle-eginkizunak berrantolatzeko aukera eman dit. Hemen protagonista ikaslea da.”


Síguenos